Euskal Herrian Euskaraz elkarteak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, martxoaren 2an, elkarteko bi kidek, euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik Renfeko segurtasun agente baten erasoa jasan zutela salatzeko. Dozenaka herritarrek egin du bat deialdiarekin, eta tartean izan ziren Galtzaundi Euskara Taldeko zenbait kide.
Luken Etxabe Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideak azaldu zuenez, elkarteko kideek euskaraz hitz egiteko eskatu zioten segurtasun agenteari. Honek, kideetako bati "Espainian zaude, espainieraz hitz egingo dizut eta zuk espainieraz erantzungo didazu" bezalako mehatxuak egin zizkiola esan zuen. "Horrez gain, lepotik heldu, lurrera bota eta pare bat minutuz lurrean geldiarazita eduki zuen", gaineratu zuen.
Etxabek nabarmendu zuenez, erabat salatzen dituzte gisa honetako erasoak. "Eraso hau ez da gertaera isolatu bat, ondorio sistematiko bat baizik. Gure egunerokoaren parte dira, izan dira, eta tamalez, izaten jarraituko dute. Faxismoaren eta ultra-eskuinaren gorakadaren testuinguruan, gainera, ugaritzen doaz. Eraso horien aurrean, beharrezko ikusten dugu euskaltzaleok saretzea eta indarrak bateratzea".
Gaineratu du elkartetik garbi dutela "egiturazko zapalkuntza honi aurre egiteko independentzia, Euskararen Errepublika, ezinbesteko" dutela. "Hala, Euskararen Errepublika ipar hartuta, euskaldunon eraso bakoitza salatzen eta desobedientzia jarrerak indartzen jarraituko dugu, betiere, modu arduratsuan jokatuz eta, ahal bada, kolektiboki antolatuz. Zapaltzaileek garbi izan dezatela. Aurrean izango gaituzue!", oihukatu zuen Etxabek.
Manifestazioa, Baionan
Amaitzeko, apirilaren 6an, 11:30ean, Baionako Justizia Jauregitik hasita egingo duten manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatu du: «Eraso euskarafobo oro salatu eta euskararentzat nahiz euskaldunontzat egiazko justizia aldarrikatzeko aukera izango dugu».