2012ko apirilaren 5an, Athleticek jokatutako partida baten ostean Indautxuko herriko tabernaren inguruan bildu ziren zaleen aurka kargatu zuen Ertzaintzak. Istilurik egon ez arren ertzainei “zeukaten guztiarekin sartzeko” agindu zien arduradunak. Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas gaztea larri zauritu zuen eta handik lau egunera hil zen Basauriko gaztea, Basurtuko erietxean (Bilbo).
Ertzain bakarra zigortu zuten hilketagatik, eta handik gutxira kartzela zigorra bertan behera utzi zioten. Hilketaren inguruabarrek eta geroko auzian izandako mantsotasunak zein erantzukizun faltak eta ondoriozko protestek gizarte oihartzun handia eman diote auziari Euskal Herrian. Gertakariak argitzeko, Eusko Jaurlaritzatik jarritako oztopoak eta ordezkari politiko zenbaiten elkartasun eza ere salatu zituzten familiak, adiskideek eta hainbat politika- zein gizarte-eragilek. Ertzaintzaren arduradun politikoek, aitzitik, gertatutakoa akatsa eta istripua izan zela adierazi zuten, eta ez zuten inongo erantzukizunik hartu beren gain.