Arcelor Mittalek Agurainera (Araba) lekualdatuko du orain arte Legasan (Nafarroa) egiten zen Processing jarduera, eta horrek 33 langile kaleratzea ekarriko du, enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) aurkeztuko baitu.
Legasako langileen kopurua erdira murriztu da azken hamarkadan: 2016an, 120 langile zituen; orain, 45 inguru. Sindikatuek salatua zuten zuzendaritza nahita ari zela kopurua murrizten errelebo kontratuen-postu berria beste instalazio batzuetan sortuta-eta ordezkatu gabeko erretiroen bitartez, eta erregulazioa beste pauso bat litzateke.
Legasako ekoizpen lerroan pieza tubular galvanizatuak egiten dituzte, eta 33 langilek dihardute hor. Beste langileak komertzialak, bulegoetakoak eta abar dira. Arcelorrek urteak daramatza planta txikiak ixten, eta kasu honetan ekoizpen lerro hori Aguraineko lantokira eramango dute. Ikusteko dago Legasako eraikina salduko duten edo biltegi moduan erabiliko duten.