179/2019ko dekretuak EAEko udal legea garatzen du euskararen arloan. Haren zenbait artikulu baliogabetzeko epaia eman zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, PPk abiatu zuen auzibidea. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritza kasazio errekurtso bat aurkeztu zuen, baina PPk Espainiako Auzitegi Gorenari errekurtso hori ez onartzea eskatu zion, epez kanpo zegoela argudiatuta. Gorenak, azkenean, PPren eskaera onartu du eta EAEko udaletan euskararen erabileraren lehentasuna arautzen zituen hainbat artikulu baliogabetu ditu.
2023ko urriaren 19an, EAEko Justizia Auzitegiak PPren helegiteari men egin eta udal legea euskararen arloan garatzen duen 179/2019 dekretuaren 18.1, 18.2 eta 33.5 artikuluak baliogabetu zituen. Artikulu horiek arautzen dute, besteak beste, udalen barne dokumentazioa euskaraz nahiz gazteleraz egitea, baina aktak euskara hutsean idazteko aukera dagoela. Erabaki hori hartu zuen epaileetako bat argudiatu zuen gaztelera eta euskara EAEko bi hizkuntza ofizialak izanik, ezin dela "lehenetsi" bietako bat.
Auzitegiek lehendik ere jarriak dituzte kolokan udal legeak hizkuntza kudeaketaren inguruan eman dituen irizpideak. 2023ko uztailaren 6an Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen batek udal legearen 6.2 artikulua baliogabetu zuen. Artikulu horrek modua ematen die udalei euskaraz jarduteko, hau da, barne funtzionamendurako agiriak euskara hutsean egiteko. Urte hartako urriaren 17an izan zen EAEko udal legea euskararen arloan garatzen duen 179/2019 dekretuaren kontrako lehen epaiaren berri. EAEko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen hainbat artikulu baliogabetzea. Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztutako helegite baten erantzuna izan zen ebazpen hura. 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehenengo atala eta 12. artikulua baliogabetu zituen; 18., 24., 27. eta 36. artikuluetako eduki batzuk ere bai.