Joan den astean jaso zuten BSTech enpresa taldeko langileek enpresako zuzendaritzaren asmoen berri: lantaldea erdira murriztea enplegua erregulatzeko espediente baten bitartez, "arrazoi ekonomikoak" direla-eta. Langileei azaldu dietenez, negozio aurreikuspenak ez dira bete, ez dira gai izan Sarrallek Zumaiako enpresak erostean egindako zorrari buelta emateko.
Enpresaren asmoek kezka eta haserrea eragin dute langileen artean. Taldeko hiru enpresetatik, oraingoz, Auxikoak izan dira zuzendaritzaren erabakiaren kontra irmoen agertu direnak. Ez daude ados emandako arrazoi ekonomikoekin eta enpresaren praktika txarrak salatu dituzte: "Sarralle taldeak enpresa erosi zuenetik, lanez hustu egin du eta bere kudeaketa txarrarekin ekarri gaitu egoera honetara. Azpikontratazioen bidez eta lana desbideratuz, lortu nahi izan du enpresa ixtea. Era berean, langileak gogaitzeko moduko egoerak eragin ditu, langileak lanik gabe utziz".
Sindikatuek jakinarazi dutenez, Auxiko langileek lanpostu guztiak mantentzearen alde egiten dute, eta enpresari exijitzen diote jarduerarekin jarraitzea, lan-karga ematea eta bideragarritasuna bermatzea. Era berean, enpresak egindako planteamenduan fede txarra ikusten dute Auxiko langileek, eta kezka agertu dute enpresak geratuko liratekeen lau langileek etorkizunarekin. "Auxiren kasuan, lantaldearen %71 bidali nahi dute kalera, eta lau langilerekin ezin da enpresa hori aurrera atera".
Hori guztia kontuan hartuta, Auxiko langileek erabaki dute "zuzendaritzaren proposamena ez onartzea eta lanpostuak mantentzearen alde borroka egitea". Assembly eta Rollin-Milleko langileek, berriz, oraindik ez dute beraien posizioaren berri eman. Edozein modutara, bihar bilduko dira berriro enpresako zuzendaritzako kideak eta langileen ordezkariak, enpresa bakoitzeko lantaldeak hartu duen erabakiaren berri emateko.
Enpresak mende erdiko ibilbidea du, baina 2011tik aurrera bidea okertzen hasi zen, zenbait bezerok utzitako zorrarekin. Azkenean, likidazio fasean sartu zen, eta 2018ko maiatzean Bascotecnia taldearen esku gelditu zen. Ez zuen asko iraun, ordea, 2019ko abenduan Sarralle taldeak erosi baitzuen. Lagun Arteako taldetik jasotako mekanizatuko empresa (Auxi), muntaiakoa (Assembly) eta bulego komertzial eta teknikoa BSTech multzoan integratu zituen Sarrallek. Burdingintzaren nazioarteko sektorean zuen "lidergoa" indartzeko asmoa azaldu zuen orduan zuzendaritzak, baina bistan da urratsak beste bide batetik joan direla.