Principal |
Nacionales E.Herria :: 16/04/2025

Garesko udaletxetik Euskal Herriko armarria kentzeko agindu du Nafarroako auzitegi batek

Agentziak/La Haine
UPNk aurkeztutako helegite baten harira hartu du erabakia Nafarroako Administrazio Auzitegiak.

Garesko udaletxean dagoen irudi bat kendu beharko dutela ebatzi du Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Zizelkatutako zurezko piezak Euskal Herriko armarria eta lauburu bat ditu.

UPNk aurkeztutako helegite bati erantzunez hartu du erabakia Nafarroako auzitegiak; izan ere, alderdiak salatu zuenaren arabera, armarri hori eraikin publiko batean jartzeak udalaren “neutraltasunaren aurka” egiten du. Antzekoa argudiatu du auzitegiak. Zizelkatutako irudi horretan agertzen diren bi ikurrak “ildo politiko baten aldeko jarrera gisa” ulertzen dira, ebatzi du gaur: “Botere publikoei eska dakieken neutraltasun publikoaren betebeharra urratzen dute”.

Garesko Udalak (EH Bildu) epaia onartu eta armarria kenduko du. Auzia abiatu zenetik argudiatu du irudiak “ez duela esanahi politikorik”.

Hala ere, ez da azkenaldian Euskal Herriko armarriaren aurka hartu den aurreneko neurria. Iazko martxoan, Atarrabiako frontoian zegoen Euskal Herriko armarria ezabatzeko agindua eman zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Hango hartan ere, zazpi herrialdeak irudikatzen dituen armarria jartzea “posizio politiko jakin baten alde lerratzea” dela ondorioztatu zuten epaileek. Eta, Garesko auziarekin gertatu bezala, Atarrabiakoa ere UPNren salaketa batetik etorri zen.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gL2D