Garraldako (Nafarroa) areto futboleko txapelketa antolatu zuten apirilaren 12an, eta ondoren, gaupasa festa egin zuten herrian. Festa honetan, gizon talde batek emakume bati eraso zion, etxerako bidean zela.
Antolatzaileak salatu dutenez, eraso hau gaupasaren eremutik urrun gertatu bazen ere, gaupasarekin zerikusia du. Era berean, azpimarratu dute erasoa matxista izan zela: “Emakumea izateagatik bakarrik eraso zioten, eta egoera larria eragin, emakumearen bizitza arriskuan jartzeraino”. Ondoren, erasotzaileak onartzen ez dituztela adierazi dute, eta jarrera hori izatera deitu dituzte herritarrak: “Bada garaia problematika hori agerian jartzeko, egiaztatu ahal izan den bezala gure ingurua ez baitago salbuetsita horrelako egoeretatik”.