1988ko apirilaren 28an, Arabako patroia den San Prudentzio egunean, 13:00a aldera, karteltxo batzuk deituta 250 bat lagun atera ziren manifestazioan Fariñasetik eta gaur egun Gasteizko Gaztetxea dena okupatu zuten.
Egun horretan 300 bat lagun elkartu ziren apezpikuaren jabegoko "Lorazainaren etxean" batzarra burutzeko eta garbiketa, prentsa eta obretako taldeak sortu zituzten baita lanari ekiteko hainbat lan talde sortu ere: informatiboak, ekintzak prestatzekoak, lantegienak, etab. Eraikin barnean zeuden ehunka kilo zabor atera ziren eta erresistentzia sistema antolatu. Lehenengo hiru asteetako gauetan 20 bat pertsona lo egitera gelditu ziren bertan, arrisku handiko egunak baitziren. Lehen hilabetean batzarrak egunero egiten ziren. Apezpikuak sinaturiko kanporatze mehatxuarekin etorritako pertsona batek berehala alde egin zuen hainbeste jende ikusita, harriturik. Poliziaren bisita ere egunero izaten zen baina ez ziren ezer egitera ausartu taldearen sendotasunaren aurrean.
Denborak aurrera egin ahala, bizilagunen babesa lortzen joan ziren eta hala erakusten dute 1993an egindako inkestek. Ikerketa hauek Cesar Manzanos soziologoak egin zituen. Galdeketaren arabera, auzotarren %81,3 gaztetxea behera botatzearen kontra zeuden, eta %2,9, berriz, alde. Gazteen artean ere gehienek ez zuen etxea eraisterik nahi, %90,2k hain zuzen ere.
Gaztetxea okupatu zutenetik askotan egon da Gasteizko Udalaren jo-puntuan eta ezezagunen erasoak pairatu ditu baita ere, baina martxan dirau.