Bridgestoneko langileek beste hiru eguneko greba zikloa hasi dute gaur Basaurin


Pasa den astean iragarri bezala, beste hiru eguneko greba zikloa hasi dute Basauriko Bridgestone fabrikan, zuzendaritzak jakinarazitako 335 kaleratzeak salatzeko. Apirilaren 24an, 25ean eta 26an deitu dituzte greba egunak eta Basauriko zein Usansoloko lantegietan elkarretaratzeak egingo dituzte. Usansolon ez dute kaleratzerik iragarri, baina Basauriko fabrikako beharginei elkartasuna adierazteko kontzentrazioetara batuko dira.
Ekoizpena geldirik dago Basauriko Bridgestone lantegian eta jarraipena erabatekoa izaten ari da enplegu-erregulazioko espedientearen aurka. Era berean, Basauriko fabrikako zubian 12:00etan elkarretaratzera egin dute langile guztiak: “Elkarrekin defendatu dezagun gurea dena; etorkizuna ez da espero, borrokatu egiten da”, adierazi dute.
Bridgestoneko sindikatuak eta zuzendaritza gaur batuko dira berriro lan-erregulazioko espedientea negoziatzeko. Bilera horretan, zuzendaritzak beharginak birkokatzeko plana aurkeztea espero dute sindikatuek, “eta espedientearen arrazoiei buruz planteatu dituzten gai batzuei erantzutea ere”, diote. Enpresa batzordeak uste du “etorkizunerako bermeak eta bideragarritasuna” eskainiko dituen plan industrial bat aurkeztea dela funtsezkoena, “gaur egun ez duelako inolako bermerik ematen”. Bihar, apirilak 25, langileen batzar orokorra egingo dute, eta hilaren 26tik aurrera mobilizazio gehiago deituko dituztela adierazi dute.