29.000 palestinar baino gehiago erail dituzte sionistek urriaren 7tik hona
Urriaren 7tik hona, guztira, 29.092 pertsona hil dira gutxienez Gazan, Israelen erasoen ondorioz, Gazako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. Ministerioaren ohar baten arabera, 107 pertsona hil ziren azken 24 orduetan eta beste 145 zauritu zituzten."Israelen okupazioak 9 sarraski egin zituen Gazako familien aurka, eta horrek 107 martiri eta 145 zauritu eragin zituen azken 24 orduetan", ziurtatu du oharrak.
Era berean, Osasun Sailak jakinarazi zuen genozidioaren 136 egunen ostean zaurituen kopurua 69.028 pertsonara igo dela, eta gogorarazi zuen hondakinen azpian oraindik badirela berreskuratu ezin izan diren gorpuak.
Wafa agentzia palestinarraren arabera, 90 zibil gazatar baino gehiago hil ziren igandetik astelehenerako gauean, eta dozenaka zauritu daude Israelek Gazako hainbat tokitan egindako bonbardaketen ondorioz.
Hospitalen egoera kritikoa
Joan den ostegunetik operazio militarrak egiten ari da Naser ospitalean, zerbitzutik kanpo geratu dena eta 8 gaixo hil dira oxigeno faltagatik. Bestalde Jan Yuniseko beste ospitaleak, Al Amalek, 27 egun daramatza setiatuta, Naser eta Ilargi Erdi Gorri hospitaleak bezala. Hauek salatu dutenez Israelek blokeatu egiten ditu erregaiaren eta botiken etorrera.
Hau gutxi balitz, gogoan izan behar da Israelen erasoaren ondorioz, 10.000 desplazatu baino gehiago ebakuatu behar izan dituztela ospitaletan.
Rafahen, Gazako hegoaldean, datozen asteetan Israelen lurreko erasoaldia espero den lekuan, Israelek hainbat etxebizitza bonbardatu zituen Khirbet al Adas eta Al Shaboura auzoetan, hiriaren erdialdean; eta hiriaren mendebaldean berriz, Israelgo Armadak, jaurtigaiak jaurti zituen itsasotik, desplazatuen kanpin-dendetatik gertu, hainbat palestinar zaurituz.