70 urteko emakume bat eta bere biloba etxegabetu dituzte Erandion
Kaltetuari "Tu mejor préstamo" enpresak "iruzur" egin zion orain dela zortzi urte, Uribe Kostako etxebizitza sindikatu sozialistak azaldu duenez. Mailegu enpresak 7.000 euroko mailegua jasotzeko abal gisa etxea jartzera behartu zuen emakumea, eta ez ordaintzean etxegabetze prozesu bati ekin zion. Emakumeak salatu du instituzioek oraingoz ez diotela bizitegi-alternatibarik eskaini. Hitzezko akordio bat besterik ez duela, ez dakiela zein etxe eskaintzen dioten, eta ez duela kontraturik sinatu.
Goizeko 08:00ak baino lehen bildu dira dozenaka pertsona etxegabetzea gelditzeko eta familiari babesa emateko. Polizia ere goizean goiz iritsi da eta jendea indarrez kanporatzen hasi da, Gedarrek zabaldutako bideo batzuetan ikus daitekeenez. Bi pertsona atxilo eraman dituzte. Lehenengo gaztea goizeko bederatziak aldera atxilotu dute, bigarrena, ordubete geroago. Azkenean, 11:40ean bota dute emakumea bere etxetik. Txalo artean jaso dute kaltetua kanpoan zeuden gazteek eta auzokideek.
Duela sei urte mailegu enpresaren aurkako salaketa bat jarri zuen emakumeak, iruzurra leporatuta. Horren ondorioz, prozesu judizial bat ireki zen, gaur egun ere irekita jarraitzen duena. Baina enpresak etxea bereganatu ahalko du nahiz eta justiziak iruzur bat dela ebatzi.