Askapena-k 2024ko brigaden kanpaina martxan jarri du
Antolakunde internazionalistak otsailaren 24an ezagutzera eman zuen aurtengo brigadak agiri honen bidez:
Gero eta argiagoa da gaur egungo ofentsiba inperialistaren aurrean internazionalismoa ezinbesteko borroka-tresna dela. Testuinguru honetan, Palestinako herriaren aurkako erasoak potentzia inperialisten eta ordena burgesaren basakeria eta hipokrisia berretsi ditu.
Haien helburuak bete ditzakeen bitartean nazioarteko itun eta akordioetan ezkutatzen dira, baina, krisi-egoeran edo herri langileen erresistentziaren aurrean daudenean, akordioak alboratu eta sarraskira jotzen dute.
Horren guztiaren aurrean, bi aukera daude: langileen amorrua ordena burgesa zalantzan jartzen ez duten bitartekoen bidez bideratzea, hau da, egungo status quo-a normalizatzea eta onartzea; edo, beste alde batetik, erasoaldi hau geldiaraziko duen erantzukizuna herri langileon antolakuntzan kokatzea. NATOren, sionismo genozidaren, EB neokolonialaren eta arrazistaren, eta gero eta handiagoa den faxismoaren aurrean, antolakuntza eta borrokan sakontzeko, ezinbestekoa da iraganetik eta egungo beste esperientzia batzuetatik ikasten duen kontzientzia internazionalista garatzea.
Internazionalismoa iraultzarako tresna bezala praktikan jartzen dugunok, argi aldarrikatzen dugu elkartasuna norbere herriaren eta besteen erresistentzia eta borrokarako eskubidea defendatzean oinarritzen dela. Elkartasuna herrion arteko harreman zubiak eraikitzeko tresna da, sozialismoa sortzera bidean batzen gaituen lan- tresna. Baina elkartasun hori antolakuntzarik gabe egiten bada, airean geratzen diren borondate oneko baina eduki gabeko mezuetan geratzen da. Ezinbestekoa da elkartasun internazionalista antolatzea; ezinbestekoa da herrion arteko antolakuntzan aurrera pausoak ematea.
Norabide horretan kokatzen dugu aurten martxan jartzen dugun brigada kanpaina. Brigadek herrion arteko harremanetan sakotzen laguntzen diguten aldetik, gure borrokak ere indartzen laguntzen dute. Izan ere, brigadisten lana Euskal Herrira itzultzean hasten da, bestelako prozesuetan ezagututako borroka moldeak gurera ekarriz eta amankomunean dugun etsai berdinaren aurka martxan jarriz.
Honekin batera, aurten egingo ditugun formakuntza saioen bidez, egungo koiuntura aztertzeko eta borrokarako beharrak identifikatzeko aukera izango dugu. Zehazki, Europa eta Abya Yalako askapen borrokak ezagutzeko tartea izango dugu. Herriek bizi duten egoera eta ofentsiba inperialistaren aurrean antolatutako mugimenduen errealitatea ezagutzera joango gara: herri boterearen eta burujabetzaren eraikuntza, neurri neoliberalen aurkako erresistentzia, jatorrizko herrien borroka zein memoria historikoa landuko ditugu, besteak beste. Bestetik, azken urteetan abiaturiko ofentsiba inperialista indartzen duten mugimendu eta alderdi faxisten gorakada ere landu beharreko gaia dugu.
Hori guztia dela eta, aurten ere, elkartasun internazionalistaren antolakuntza jarri nahi dugu zentroan, bi eremutako antolakuntza, Euskal Herrian egin beharrekoa eta nazioartean egin beharrekoa.
Gaurtik aurrera, eta apirilaren 9a bitarte, brigadetan izena emateko epea zabalik egongo da. Jarri gurekin harremanetan brigadak@askapena.eus helbidean.
Elkartasuna internazionalista antolatu!
Hamaika herri, borroka bakarra!
Gora Euskal Herria internazionalista!