Bardeetako tiro poligonoa desegiteko eskatu dute martxa batekin
Igandean egin zuten martxan, ekintzaileek irakurri zuten komunikatuan gogorarazi dute lau urteren buruan, Espainiako Defentsa ministerioaren eta Bardeetako Komunitatearen arteko hitzarmena amaituko dela, eta ez berritzeko eta eremua Parke Naturalaren parte izateko eskatu zuten. "Gure arrazoiak ingurumenezkoak, ekonomikoak eta segurtasunezkoak dira”, azpimarratu dute.
Komunikatuan bereziki adierazi zuten, “aurtengo martxak palestinar herriarekin elkartasuna adierazteko asmoa dauka, jasaten ari diren sarraskiaren ondorioz”. “Hala ere, ez ditugu Hamasen terrorismoak eragin dituen biktima israeldarrak ahazten, ezta Ukraniako biktimak ere”, gehitu dute. Bukaeran gehitu zuten Bardeak gerra entrenamendurako erabiltzeak gatazka horien parte egiten dituela.
Gladys del Estali omenaldia
Astelehenean 45 urte bete dira Gladys del Estal gazte donostiarra, 23 urte zituela, Tuteran egindako manifestazio antinuklear batean Guardia Zibilak tiroz hil zuela. Ekintzaile gaztea erail zuen Jose Martinez Salak, domina jaso zuen sententzia atera eta bi hilabetera. Ekintzaile gaztearen alde minutu bateko isilunea egin dute.