Bi arrantzale desagertu dira Ziburun, itsasontzi bat hondartuta
Hiru arrantzale zihoazen itsasontzi bat hondartu da gaurko ordu txikietan Ziburun (Lapurdi), Zokoako diketik gertu; 30 urteko bat eta 58 urteko beste bat desagertuta daude, eta 40 urteko bat erreskatatzea lortu dute, Baionako ospitalean artatu dute. 02:00ak aldera hondartu da itsasontzia, eta «oso zaila» izango da beste bi arrantzaleak bizirik aurkitzea. Ura 12 graduan dago, eta «itxaropena urria da». 40 urteko arrantzalea, ontziko kapitaina, hipotermiak jota aurkitu dute. Ziurrenik nabigazio arazoengatik gertatu da ezbeharra. Arcachondik atera da itsasontzia, eta Donibane Lohizune zuen helmuga. Bilaketa eta erreskate lanetan ari dira bi dozena suhiltzaile, bi helikoptero eta erreskate ontzi bat, gutxienez.