Bi eraso matxista eman dira Araban
Joan den ostiralean, Luiaondoko jaien baitan, eraso sexista bat eman zen. Herriko bizilaguna den neska adingabe bat iraindu eta inguratua izan zuten gazte batzuek, familiak Luiaondoko Administrazio Batzarrari jakinarazi zionez. Igande arratsaldean elkarretaratzea egin zuten dozenaka herritarrek eliza ondoan, erasoa gaitzesteko.
Batzarrak adierazpen publikoa atera zuen, gertatutakoa salatuz, eta erasotuari elkartasuna eskainiz. Giza eskubideen aurkako erasoa izan zela ohartarazi dute, eta aldarrikatu inork ez duela eskubiderik "indarkeria matxista erabiltzeko". Gertakaria jasan zutenen esku jarri dituzte erasoen aurkako baliabide ugari.
Bestalde, 45 urteko gizon batek bikotekideari eta haren seme-alabei eta amari heriotza mehatxuak egin zien Gasteizen. Gertaera 22:00ak baino lehentxeago jazo zen, 092 telefonora emakume batek deitu zuenean, Sansomendi auzoko etxebizitza batean polizia joatea eskatzeko; emakumeak azaldu zuenez, bere bikotekidea atariko txirrina jotzen ari zen behin eta berriz, eta irekitzeko beldur zen. Patruila bat berehala bertaratu zen, eta alde egiten ari zen gizona aurkitu zuen.