Bilbobuseko langileek greba mugagabea uda osoan zehar mantentzea erabaki dute
Bilbobuseko langileek apirilaren 9an hasitako greba mugagabeari eustea erabaki zuten atzo Horrela, Bilboko udal autobus zerbitzuaren udako greba-egutegia ekainaren 15etik irailaren 15era luzatuko da. Hala, 24 orduko lanuzte orokorra aurreikusten da Bilboko Aste Nagusiko egun guztietan, abuztuaren 17tik 25era.
Enpresa-batzordeak bi proposamen egin zituen, langileek greba mugagabeari eustea edo astean egun bateko lanuztea egitea erabaki zezaten.656 langilek zuten botoa emateko eskubidea, eta 462k parte hartu dute bozketan. Greba mugagabea 266 langilek babestu dute, eta 194k bigarren aukeraren alde egin dute, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez.
Bilbobuseko langileen batzarrak maiatzren 16an atzera bota zuen zerbitzuaren emakidadunak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek itxitako aurreakordioa, gehiengo estuarekin (287-249 boto, hurrenez hurren). Beraz, apirilaren 9an hasi zuten greba mugagabeari eutsi zioten. Aurreakordioaren edukia atzera bota zuten, erosteko ahalmena bermatzen ez zela iritzita, eta egoera horrek UGTko enpresa-batzordeko presidentearen dimisioa eragin zuen.
Plantillaren eskaera nagusiak KPIa hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzerako, %62ko jardunean kontratatutako kolektiboaren prekarietatea ezabatzea eta hitzarmen osoa murrizketarik gabe aplikatzea dira.
ELAk uste du "kezkagarria dela Bilboko Udalak, zerbitzuaren finantzaketaren eta kalitatearen arduradunak onartzea ALSA multinazionalak zerbitzua okertzea eta honen gainean espekulatzea, egunero milaka pertsonari eragiten dien zerbitzu publiko bat denean". Horregatik guztiagatik, ELAk Bilboko Udalari eskatu dio gatazka hau konpontzeko "modu aktiboan" esku hartzeko.