Bizkaiko esku hartze sozialeko langileek bi greba egun egin dituzte
Bizkaiko esku hartze sozialeko langileek greba egin zuten atzo, bigarren egunez jarraian eta urtea hasi zenetik seigarrenez. Manifestazioak egin zituzten herenegun eta atzo Bilbon, sindikatuek deituta. Salatu zuten patronalak «blokeoa» ezarria duela lan itunaren negoziazioan.
Herenegun, egun osoko mobilizazioak egin zituzten Bizkaiko hiriburuko kale nagusietan barrena, eta elkarretaratzea ere bai, Gizardatz patronal nagusiaren egoitzaren aurrean. Atzo, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ongizateko egoitzatik hasi zuten protesta. 4.000 eta 5.000 langile artean daude lan hitzarmenik gabe, sindikatuen arabera; haietatik mila baino gehiago bildu dira egunotako mobilizazioetan.
Bi eskaera nagusi dituztela lan hitzarmen berrirako: batetik, soldatak gutxienez KPIa adina igotzea eta erosteko ahalmena ez galtzea; bestetik, «arrisku psikosozialei» aurre egiteko neurriak lortzea. Adierazi zuten lan segurtasuna ez dagoela bermatuta. Izan ere, sindikatuetako ordezkariek gogorarazi zuten gizarte arloan lanak «konplexuak» direla eta erasoak ere jasan izan dituztela zenbaitetan. Hala ere, salatu zutenez patronaleko nagusiek eskaera gehienak «ukatu» dizkietela.
Langileek ohartarazi dute borrokan jarraituko dutela: «Patronalak batzartzeko esan arte itxaroten ari gara. Haiek eman behar dute pausoa». Lan hitzarmen berria adoste aldera, baldintza hauek jarri dituzte: 55 urtetik gorako langileentzako neurriak ezartzea, berdintasun planak aplikatzea, aldi baterako ezintasunak ordaintzea, eta kontziliazioa errazteko neurriak adostea. Arotzenaren esanetan, aurrerapausoak behar dira negoziazioan: «Patronalaren azken proposamena oso motz geratzen da; bereziki, eskaintzen diguten diru kopurua lotsagarria da».