Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat husten saiatu dira
Atzo, 20:00ak aldera, Desokupa44 enpresaren izenean identifikatu ziren bi gizon Egiako Karmengo Ama kaleko 44. zenbakian okupatuta dagoen etxe batetara joan ziren, eta bertan bizitzen zeuden gazteak mehatxatu zituzten.
Atearen beste aldean egon ziren mehatxu, irain eta “gezurrak” esaten, bertan bizi ziren gazteek hala adierazita: “Irain homofobikoak eta sexistak izan ziren, eta argia eta ura moztuko zigutela esan zuten”. 20:30ean, bi gizonek alde egin zuten baina mehatxu batekin: “Ordubetean 30 kide itzuliko gara, eta bihartik aurrera, sarreran kontrola jarriko dugu, joaten zareten arte”.
Okupen deialdiari erantzunez 20:30etatik aurrera, etxea defendatzera joan ziren 40 bat auzokide ‘Desokupa Kanpora’ duen pankarta zabalduz.
Karmengo Ama 44. zenbakiko etxea ezaguna da auzoan, jabeak, beren beregi, egoera prekarioan mantentzen duelako: infra-etxebizitzak, dozena erdi etxe huts eta baldintza tamalak ditu. Igogailuak bi urte darama hondatuta, eta behar bereziak dituen andre batek ezin du atera ere egin. Egia Bizirik Auzo Elkarteak urteak daramatza jabearen jarrera salatzen eta soluzioak eskatzen.