Donbass inperialismo eta nazi-faxismoaren jopuntuan
2017ko udaberri honetan Ukrainako ekialde eta Errusiako mendebalde artean, Don ibai kaudalatsuaren hegoaldean eta Europako ikatz mehategi nagusienen ikur historiko izan den eskualdean kokatzen diren Donetsk eta Luganskeko Herri Errepubliken sorreraren hirugarren urteurrena bete da. Hiru urte joan dira lurralde horietako herritarrek demokratikoki Ukrainatik banatzea eta lurralde-egitura politiko berria sortzea erabaki zutenetik. Ukrainako osotasunean bereziki 2014tik aurrera sendotze etengabean dauden alderdi, bataloi eta antolakunde nazi-faxistek duten inpunitatea eta estatuaren egitura guztietan hauek duten garrantzia ukaezinak, inperialismoak eragindako gerra agertoki iraunkorra bilakatzeaz gain, erresistentzia antifaxistaren eta duintasunaren ikur bihurtu dute Donbasseko lurraldea.
2013ko amaiera: Euromaidanaren hasiera, bortizkeria eta kamuflatutako estatu kolpea.
Europar Batasuneko kide izateko eta aldaketa “aurrerazaleak” eskatzeko mobilizazioen izaera baketsua, hasi eta gutxira bilakatu zen luzera doan ametsgaizto honen erdigune. Europarekiko “hurbilketa” eta Errusiarekiko apurketa zen manifestariek aldarrikatzen zutena, egoera sozioekonomiko kaxkar batek eragindako haserreak ezaugarritutako testuinguruan. George Soros bezalako putreen fundazioek, Banku Mundialak, Pentagonoko belatzek, CIAk, NATOk eta Europar Batasuneko agintari eta inteligentzia zerbitzu nagusiek itzaletik babestu eta maneiatutako Maidan mugimendu honek talde ultranazionalista eta nazi-faxisten protagonismoa erakutsi zigun egunez egun hedabide burgesek aurkezten zizkiguten berrietako irudietan.
(Artikulua PDF-n deskargatzeko esteka HAU sakatu)