lahaine.org
Euskal Herria :: 17/10/2023

EAEko Auzitegiak indargabetu ditu euskararen normalizaziorako udal legeak dituen hainbat artikulu

Leire Artola Arin-ARGIA
Vox-en helegite bat onartu eta euskaldunen hizkuntz eskubideen aurkako enegarren epaia eman du EAEko Justizia Auzitegi Gorenak.

UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak ohartarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpen honek “bereziki jomugan” duela udalerri euskaldunen hizkuntza politika. Izan ere, epaileek baliogabetu egin dituzte EAEko udal legea garatzeko euskararen erabilera lehenesten duen dekretuari dagozkion zenbait xedapen.

Vox eskuin muturreko alderdiak 2020an jarritako helegite bati erantzun diote epaileek, eta onartu egin dituzte zenbait puntu. Irailaren 28an eman zuten ebazpena, baina orain egin da publiko. Epaia ez da irmoa, ebatzi zuten egunetik 30 eguneko epea baitauka Eusko Jaurlaritzak kasazio helegitea aurkezteko Espainiako Auzitegi Gorenean.

Euskaraz normaltasunez jardutearen aurka

Hauek dira magistratuek bertan behera utzitako artikuluak: 9.2, 11. artikuluaren lehen atala eta 12. artikulua, baita 18., 24., 27. eta 36. artikuluen eduki batzuk ere. 9.2. artikuluak dio udalerriek euskaraz jarduteko neurriak hartuko dituztela, batik bat euskararen bizi eremuetan, eta hori indargabetu dute epaileek; oro har horixe da auzitegiak bertan behera utzi duena, erakundeetan eta udalerrietako jardueretan euskaraz normaltasunez aritzea.

12. artikuluak zera dio: “Euskadiko toki-erakundeek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeek planifikatu eta arautuko dute, beren egoera soziolinguistikoaren arabera, euskara beren jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa erabiltzea, hurrengo artikuluetan jasotako irizpideekin bat etorriz”.

Oldarraldi judiziala

Gogorarazi behar da uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 6.2 artikulua ere indargabetu zuela, euskarari lehentasunezko erabilera eman eta gaztelerarena “kaltetzen” zuela ebatzita, arrazoituz “oreka linguistikoa haustea” Konstituzioaren aurkakoa dela.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal