lahaine.org
Euskal Herria :: 24/12/2023

Epaileak Erandioko Udaletxean atezain arituta euskaraz ez jakiteko eskea ontzat jo du

Berria/La Haine
Argudiatu du «gutxiengoaren» hizkuntza dela euskara.

Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak emandako epaia da, langile batek abiatutako auzibideari erantzunez: 2006. urtetik Erandion (Bizkaia) udal musika eskolan behin-behinean lanean aritu den behargin bat da, eta auzitara jo zuen ikusi zuenean lan deialdi publiko bat atera zela udal zerbitzuen eraikinetan atezain jarduteko zortzi lanposturekin, eta bigarren hizkuntza eskakizuna eskatu zitzaiela guztiei. Eskatu zuen postuetako bati bederen ez eskatzeko hizkuntza eskakizunik, hartara berak bete ahal izateko lanpostu hori. Arrazoi eman dio sententziak.

Epaiak Erandion euskaldunak «gutxiengoa» direla argudiatu du, beste hainbat auzibidetan ere antzeko arrazoibideak erabiliz. Era berean, Argudio gisara erabiltzen ditu aurrez hizkuntza eskakizunak mugatze aldera ebatzitako hainbat epai. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko Uliazpi fundazioari ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpena aipatzen du, eta Erandion bertan udaltzain lanpostu baterako hizkuntza eskakizuna baliogabetzen zuen beste bat. 

Sententzia hau eman duen epailea Ana Maria Martinez Navas da; Laudioko Udaleko langile batek abiatutako auzibidean ere ebatzi zuen euskara jakitea ez zela beharrezkoa, iazko otsailean plazaratu zen epai batean, eta argudio modura erabili zuen euskara munduko hizkuntzen artean «zailenetakoa» zela. Kritika ugari eragin zituen epaiak, eta epailearen argudioek ere asaldatu egin zuten euskalgintza. Lehengo astean jakin zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuela ebazpen hori, eta, hain justu ere, protesta egin zuten atzo Laudion, horren kontra egiteko.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal