Eraso matxista bat eman da Antiguako jaietan
200 lagun inguru bildu ziren atzo arratsaldean, Antiguako jaien bigarren asteburuan jazotako eraso eta jarrera matxistak salatzeko. Brigadisten taldetik salatu dutenez, erasoa igande goizeko ordu txikitan izan zen, gizon bat txosna gunean zebilen emakume kuadrillaren espazioa inbaditu eta horiei musuak ematen hasi zenean: “Neska hauek erasotzailea euren ingurutik kanporatzen hasi zirenean, inguruko jendea ‘zertan ari ziren, uzteko gizona bakean’ eta konplizeen indarkeria ere jasan zuten”.
Era berean, erasoa salatzeko protokoloa martxan jarri eta jai giroa 15 minutuz gelditu zutenean ere izandako jarrera matxistak salatu nahi izan zituzten: “Txosna gunea 15 minutuan zehar egon zen salaketa iragartzen. Bitarte horretan gunean kexa eta jarrera oso txarrak ikusi genituen: ‘parranda izorratzen ari zarete’, ‘gehiegi luzatzen ari zarete’, ‘feminismoaren kontu honek izorratzen gaitu’ eta abarrekoak esanez”.
Eraso eta jarrera horien aurrean, lanean jarraituko dutela adierazi dute Antiguako jaietatik, eta elkarte eta eragile oro animatu nahi dituzte borroka honetara gehitu daitezen. Bide beretik, jaietatik haratago, “emakumeak* bizitzako arlo guztietan jasaten dugun indarkeria matxista, LGTBIfobiko, lodifobiko, arrazistak ezabatzeko eta jendarte eta herri transfeminista bat eraikitzeko” pausu irmoak ematen ari direla baieztatu dute.