lahaine.org
Euskal Herria, Països Catalans :: 16/01/2024

Espainiako Gobernuak Kataluniako independentisten aurkako legez kanpoko ikerketak agindu zituen

Maddi Iztueta Olano
Zenbait polizia taldek Kataluniako alderdi independentisten aurkako kanpaina mediatikoak asmatu eta bultzatu zituzten 2012 eta 2016 artean.

Gutxienez bost urtez, 2012 eta 2016 artean, Kataluniako alderdi independentistak legez kanpo ikertu, eta horien aurkako kanpaina mediatikoak asmatu eta bultzatu zituen orduko Espainiako Gobernuak. ElDiario.es atariak eta La Vanguardia egunkariak egin eta gaur kaleratu duten ikerketa baten arabera, mugimendu horien guztien berri zuen Espainiako Gobernuko presidente ohi Mariano Rajoyk (2011-2018).

Hain zuzen, gaurkoak ez dira Katalunia Operazioa-ren harira kaleratu diren lehenengo froga eta ezagutarazpenak, baina, lehen aldiz, gaurkoek adierazten dute ekintza horien guztien berri zuela garai hartako gobernuko presidenteak. Are, dokumentuen arabera, Rajoyk eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohiak (2011-2016) eman zuten operazioa abian jartzeko agindua, 2012ko Diadaren ondoren.

Ikerketaren egileen arabera, Polizia talde batzuek sortzen zituzten Kataluniako alderdi independentisten aurkako informazio faltsua zekarten dokumentuak, eta horiek Fernandez Diazen bulegora bidaltzen zituzten. Salaketa faltsu horiek osatzeko, Poliziak informazio konfidentziala eskuratzen zuen hainbat ministeriotatik; hala nola Ogasunekotik. Hori bai, ikerketa horiek guztiak legez kanpo eta Poliziako organo desberdinetan erregistratu gabe egin zituzten, Jose Manuel Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiaren gidaritzapean.

Ikerketan parte hartu duten iturriak aipatuz ElDiario.es egunkariak azaldu duenez, Fernandez Diazen bulegora iristeaz gain, Rajoyren bulegora ere iristen ziren dokumentu horietako asko: gutunazal zuri batean, gairik eta igorle daturik gabe, eta bere bizkartzainen bitartez. Bide hori guztia egin ondoren, Espainiako zenbait hedabidetara bidaltzen zituzten, argitaratu zitzaten.

Bestalde, orain arte aferarekin zuzenean lotu ez dituzten beste bi izen ere agertzen dira ikerketan: Maria Dolores de Cospedal Espainiako Defentsa ministro ohia (2016-2018), Villarejorekin zuen harremanaren harira —haren ordainketa bat jaso zuen komisario ohiak, ustez Kataluniako Generalitateko presidente ohi Jordi Pujolen (1980-2003) seme baten bikote ohi Victoria Alvarezen testigantza erosteko— eta Cristobal Montoro, orduko Ogasun ministroa (2011-2018).

Besteak beste, froga faltsu horiek erabili zituzten sinetsarazteko garai hartako Generalitateko presidente Artur Masek (2010-2016) eta Bartzelonako alkate ohi Xavier Triasek (2011-2015) —Junts Per Catalunyakoa— paradisu fiskalak zituztela atzerrian. Dena dela, ez Fernandez Diaz, ez Rajoy, ez eta Cospedal edo Montoro ere, ez dute horietako inor auzitara eraman afera horrengatik.

Albiste osoa: Rajoyren gobernuak Kataluniako indar independentisten aurkako legez kanpoko ikerketak agindu zituen (berria.eus)

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal