Gipuzkoako Caritasek lagundutako pertsonak iaz garai berean baino %73 gehiago dira
Gipuzkoako Caritasek, aurten, irailaren 30era arte, etxerik gabeko 1.313 pertsonari lagundu die. Iaz 758 izan ziren garai berean; beraz, %73 gehiago dira. Gipuzkoako Caritasera jotzen duten pertsona gehienak migratzaileak dira; konkretuki hamarretik bederatzi Euskal Herritik kanpotik iritsiak (%92,4). Migratzaile hauek muturreko pobrezia-egoeran daude, izan ere, hamarretik zazpik (%69,3) ez dute bizitzeko lekurik. Era berean, hamarretik sei (%60,5) erroldatu gabe daude. Horrek esan nahi du ezinezkoa dutela larrialdietarako laguntzak, DSBE diru sarreren errenta, osasun arreta edo hezkuntza bermatzea, burokrazia dela-eta.
"Gero eta gazte gehiago ikusten ditugu kale egoeran, batez ere 18 eta 23 urte bitarteko gazte migratzaileak", azpimarratu zuen Jose Emilio Lafuente Caritaseko idazkari nagusiak eta horrela baieztatzen dute datuek, non ikus daitekeen antolakundeak lagundutako pertsonen artean hamarretik ia bederatzi (%86,7) 44 urtetik beherako pertsonak direla, eta horien artean, %26 adingabeak dira.