Gizon bat Arabako Foru Aldundiaren ardurapean dauden bi adingaberi sexu erasoak egin die
Ertzaintzak 25 urteko gizon bat atxilotu du Arabako Foru Aldundiaren zentro batean dauden bi adingaberi sexu erasoak egitea egotzita. Bi adingabeak ikasten ari diren ikastetxeak salatu zuen gertatutakoa, aldundiak jakinarazi duenez. Atxilotuak sexu harremanak izan zituen adingabeekin, «ordain ekonomiko baten truke».
Kasua argitzeko dago oraindik, ikerketa judizialaren fasean. Foru Aldundiak azaldu duenez, martxoaren 27an jarri zuten salaketa batengatik atxilotu dute ustezko erasotzailea, «martxoaren 15ean Aldundiaren zentrotik kanpo gertatu ziren gertakari batzuen ondorioz». Bi adingabeak ikasten ari diren ikastetxeak eman zien abisua adingabeen zentroko ordezkariei: sexu erasoen «susmoak» zituela, eskolan bertan entzundako «zurrumurruengatik». Gazteek jakinarazi diote Ertzaintzari ustezko erasotzailea nor den, baita haren helbidea zein den ere.
Sansoheta gogoan
Ez da Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden adingabeek sexu erasoak jasan dituzten lehen aldia. 2022ko abenduan, Arabako Probintzia Auzitegiak urtebete eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri zizkien ustelkeriagatik eta hainbat adingaberen sexu erasoagatik akusatutako hamar lagunetatik bederatziri. Erasoak jasan zituzten adingabe horietako batzuk Arabako Foru Aldundiaren babespean eta zaintzapean ziren.
Kasua 2016ko azaroan atera zen argitara, Gasteizko Sansohetako zentroko zuzendariak salaketa jarri ondoren. Orduan jakin zen zentro horretan zeuden adingabeekin sexua izateagatik ordaintzen zuten gizonak zeudela.