Gizon bat bikotekideari tratu txar psikologikoak emateagatik kondenatua izan da Iruñean
Sententziaren arabera, emakumea bere mende izaten saiatu zen gizona, eta iraindu eta gutxietsi egiten zuen. Eztabaidetan etxeko hormak eta altzariak jotzen zituen, bere iritzia gailentzeko. Horrez gain, sakelako telefonoaren pasahitza eskatzen zion, beste pertsona batzuekin zituen elkarrizketak ikusteko. Emakumeak pasahitza eman zion, ez emateak izango zituen ondorioen beldur. Emakumeak harremana bertan behera uztea erabaki zuenean, 2021ean, akusatuak mehatxatu egin zuen: bere autoarekin emakumearen eta haren familiaren autoa txikituko zuela. Gizonak bizilekua ere aldatu zuen, emakumea «kontrolatua» izateko: bikotekide ohia bizi zen herrira joan zen, harengandik gertu bizitzeko, eta bikotekide ohia joaten zen lekuetara joaten hasi zen. 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio 32 urteko gizonari, baina epaileak bertan behera utzi du akusatuaren kartzela zigorra behin-behinean, baldintza batzuekin.