Gorputz errepresiboen indartzea gelditu!
Oraingoan PNV-k, PSOEren babesari esker, Donostian 2 komisaldegi berriren eraikuntza emateko prozesua hasi nahi du hiritarron segurtasuna bermatzearen aitzakiapean. Honetarako, Herrera zein Egia auzoetan komisaldegi misto berri hauen eraikuntzaz gain, errekonozimendu faziala ezarrita duten kamara finkoak jarri, munipak taser zein suzko armez hornitu, indar errepresiboak kamaraz hornitu eta horien kopurua 450 ertzain eta 367 udaltzaingo izateraino igotzea dutehelburu.
Aipagarria da alderdi hauek delinkuentziaren aurrean hartu nahi dituzten neurriak Euskal Herri Langilearen bizi baldintzak behera egiten ari diren garaiotan ematen direla, delinkuentzia gisa ulertarazi nahi duten horien gorakada eta Euskal Herri Langilearen bizi baldintzen beherakadaren artean ukaezina den harreman bat dagoela gainazaleraziz.
Izan ere, azpimarragarria da lan zein bizi baldintzen kaskartzearen ondorio zuzena dela Euskal Herri Langilearen parte diren estratu prekarizatuenek baldintza horiek gainditzeko praktika hauetara jotzea, eta ondorioz, egoera hau neurri jazartzaile gehiagoren bitartez konpondu nahiak,arazoa arlo legal, penal zein ekonomikoan larritu besterik egingo ez duela.
Bestalde, esan beharra dago, burgesiari mesede egiten dion kontsumora bideratutako aisialdi eredua aurrera eramateko erosahalmena duten horien segurtasuna bermatzea helburu duten neurriak direla hauek, Euskal Herri Langilearen parte garen, eta horrenbestez, kontsumo gaitasun hori ez dugun langileon zuzeneko monitorizazio, pribatutasun urraketa zein zokoratzea eraginez.
Neurri errepresibo hauek aurrera eramateko ezinbestekoa da burgesiaren mesedetan eta zuzeneko indarkeria baliatuz diharduen poliziak jokatzen duen papera aipatzea. Izan ere, burgesiaren beso errepresiboa gorpuzten duten indar polizialek sistemaren oreka kolokan jartzeko gai den langile antolakuntza oro oztopatu eta ekiditea, disidentzia politikoa deuseztatzea eta gizarte burgesarentzat arriskutsua den langile klasearen estratu prekarizatuenak zokoratzea dute helburu, horretarako, jazarpen politiko, sozial, judizial zein poliziala baliatuz estatu burguesa gorpuzten duten beste instituzioen bitartez.
Estatu burgesak bere kontrola mantentzeko sortutako gorputz errepresiboen indartzearen aurrean, burgesiak Euskal Herri Langilearen antolakuntza oro arrisku gisa hartzen duen bitartean eta gorputz errepresibo horiek indarkeriaren monopolioa izaten jarraitzen duten bitartean alternatiba bakarra indar errepresiboak aurrera daramatzaten kolpe errepresibo oro salatzea eta haiei erantzuteko beharrezkoak diren baldintzak sortzea da.
Horregatik, ez dugu Euskal Herri Langilearen zapalkuntza erreproduzitzen jarraituko duten komisaldegi hauen sorrera eta haietan jazarpena aurrera eramango duten gorputz errepresiboen indartzea onartuko eta honen aurrean antolatu eta borroka egitera dei egiten dugu. Izan ere Euskal Herri Langileak bere askapenerako egiten duen borroka erabat zilegi da, soilik borrokaren bitartez gaindituko baitugu Euskal Herri Langileak pairatzen duen jazarpen oro, amnistiaren eskutik burgesiaren interesetara diharduten gorputz errepresibo ororen suntsiketa lortuz.
GORPUTZ ERREPRESIBOEN INDARTZEA GELDITU!
ERREPRESIOAREN AURREAN AMNISTIA OSOA!