lahaine.org
Euskal Herria :: 20/03/2025

Greba mugagabea hasi dute Aiala Vidrioko langileak, enpresak 13 langile kaleratu nahi dituelako

Agentziak/La Haine
Langileek salatu dute enpresak hamahiru lankide legez kanpo atera nahi dituela Adecco multinazionalera azpikontratatuta.

Enpresa batzordeak grebara deitu ditu Aiala Vidrio (Vidrala) enpresako langileak Laudion. Gaur bertan, martxoak 20, abiatu dute greba mugagabea. Salatu dutenez, enpresak langileei jakinarazi berri die garraio eta espedizio zerbitzua azpikontratatu egingo duela, Adecco Oursorcing enpresarekin. Horretarako, egun plantillakoak diren hamahiru langile kaleratuko ditu, legez kanpo, sindikatuek ohartarazi dutenez. Honakoa salatu dute enpresa batzordeko kideek: "Hori ez da subrograzioa, hori da hamahiru kaleratze egitea. Izan ere, langile horiek ez dira izango jadanik plantillakoak". Berez, kontratu aldaketa hori apirilean sartuko da indarrean eta bi aste lehenago jabetu dira beharginak, enpresaren komunikazioa jaso ondoren.

Gaur hasi dute lanuztea, eta arrakastatsutzat jo dute. Izan ere, gutxieneko zerbitzuak baino ez dira sartu lantegira, enpresa batzordearen hitzetan. Goizeko seietan hasi dute piketea beira fabrikako sarreran, langileen asanblada eginda. Lasai joan da goiza eta ez da inolako gatazkarik egon. Goizeko zortziak aldera lantegira sartzen saiatu dira bulegoetako kide batzuk, giza baliabideen arduraduna tartean. Beharginek bidea itxi diete autoei eta, ondorioz, kanpoan aparkatu eta oinez sartu behar izan dira, grebalarien oihuen artean.

Vidralaren (Aiala Vidrioren jabea den multinazionalaren) emaitzak positiboak badira ere, enpresak langile kopurua murrizteko erabakiak hartu ditu Laudion. Duela bi urte konpainiak iragarri zuen 90 behargin gutxiagorekin funtzionatuko zuela herrian eta prozesua abiatu zuen dozenaka langilek lanpostuari uko egiteko.

(Irudia:Airaldea.eus)

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal