Greba mugagabea hasiko dute asteartean Bilbobuseko langileek
Asteartetik aurrera greba mugagabea hasiko dute Bilbobuseko langileek. Iazko urriaren 23tik ari dira lanuzteak egiten eta aldaketarik egon ez dela ikusita, 24 orduko grebekin hasiko dira eta protestak egingo dituzte egunero. Lan gatazka luzea du Bilbobusek. Bilboko Udalak Biobide enpresari eman zion Bilbobus zerbitzua eskaintzeko kontratua duela bost urte. 500 milioi euroko kontratua adostu zuten hamar urterako, 2019tik 2029ra. 2021. urtearen amaieran lan hitzarmenaren epealdia amaitu zen, eta, ordutik, hitzarmenik gabe daude. Negoziazioetan enpresak azpimarratu zuen «galerak» zituela, eta COVIDak eta Ukrainako gatazkak «langileen eta mantentze lanen kostuak» handitu zituela. Greba mugagabeari buruz galdetuta, udalak zein enpresak ez dute adierazpenik egin nahi izan. 2019an sinatutako lan hitzarmenaren arabera, langileen soldata igoerak %1,5 gehi KPI izan behar du kontratuak irauten duen hamar urteetan. Biobidek %8ko soldata igoera aplikatu zuen 2021ean. Geroztik, ez du soldatarik eguneratu. Hortaz, langileek bi urte daramatzate soldata «izoztuekin». Enpresak dio ezin diela aurre egin lan hitzarmenean onartutako soldata igoerei.
Soldatak izoztuta izateaz gain, langileek salatu dute lanpostuak amortizatzen ari direla eta kontratu prekarioak eskaintzen dizkietela. Edozein baimen eskatzeko orduan, enpresak oztopo ugari jartzen ditu beti: «Etengabe jartzen dituzte zalantzan langileen baimenak». Horren harira, zenbait langilek auzitara jo dute, eta hainbat epaiketaren ebazpenen zain daude.