Hirugarren urtez jarraian, inoizko gehien irabazi du BBVAk 2024an
Hirugarren urtez jarraian, inoizko gehien irabazi du BBVAk 2024an, eta 10.000 milioi euroko mozkinaren langa gainditu du lehen aldiz. 10.054 milioi euro izan dira, aurreko urtean baino %25,4 gehiago. Konparazio baterako, kopuru hori Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren bi heren dira, gutxi gorabehera.
Bilboko bankuak emaitza «historiko» hori lortu du Espainiako Gobernuak bankuei ezarritako zerga bereziagatik 285 milioi euro ordaindu behar izan baditu ere.
Interes tasen beheranzko bilakaeraren eragina ere ez du nabaritu. Interes marjina —ematen dituen kredituengatik kobratzen duenaren eta bankuan dirua edukitzeagatik ordaindu behar duenaren arteko aldea— %9,4 handitu du, 25.267 milioi euroraino.
Bezeroei emandako maileguen kopurua %9,2 gehitu du, bereziki enpresei emandakoak (+%14,7). Halaber, gordailuen kopuru totala ere %10,8 handitu du.
Komisio garbietan, 7.988 milioi euro irabazi ditu, %27 gehiago.
Sabadell jopuntuan
Emaitzok «historikotzat» jo ditu Carlos Torres Vila BBVAko presidenteak, eta «baikor» azaldu da aurrera begira, 2025ean errentagarritasun mailari eustea espero baitu. Espainia, Mexiko eta Turkia dira BBVAren merkatu nagusiak, eta bereziki Espainian lortutako emaitzak nabarmendu ditu Torresek.
Banco Sabadell erosteko prozesua abiatu du BBVAk, eta testuinguru horretan lortu ditu inoizko emaitza onenak. Mozkinaren berri jakinarazi eta ordu gutxira, haren akzioek gora egin dute, %3.
Bankuak akzioko 0,41 euroko dibidendua banatzea proposatuko du. Kopuru horri urrian emandakoa gehitu beharko zaio (0,29 euro). Hortaz, 2024an akzioko 0,70 euro banatuko ditu guztira, aurreko urtean baino %27 gehiago.
Era berean, akzioak berrerosteko beste plan bat iragarri du, 1.000 milioi euro ingurukoa. Horrek akziodunaren ordainsariaren zeharkako igoera eragingo du.