Hotz-kanpaina amaitzearekin batera, etxegabeentzako dauden ostatu-plazak murrizten ari dira Iruñean
Pertsona guztientzako babes sozialeko sistema eta etxebizitza duinerako sarbidea eskaria egin dute gaur Iruñean migranteekin lan egiten duten hainbat elkarteek. Kezkatuak daude martxoaren 31an hotz-kanpaina amaitzearekin batera, etxegabeentzako dauden ostatu-plazak murriztu zirelako, eta maiatzaren 19tik aurrera zifra hau ia 150 pertsona izatera iritsiko dela aurreratzen dute. Gainera, egoera hau denboran zehar kronifikatzen ari dela salatu dute elkarte hauek, eta administrazio eskudunek “eskubideak bermatzeko erantzun egonkorrik” ematen ez dutela deitoratu dute.
Atzoko agerraldian Apoyo Mutuo, Elkarte, Haritu, Lantxotegi, Oxfam Intermon, Paris 365, PIM-MIG eta Sos Arrazakeria elkarteek Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuari eta Iruñeko Udalari, etxerik ez duten eta kalean dauden pertsonei urte osoan ostatua eta mantenua bermatzeko neurriak har zitzatela eskatu zuten, baliabide eta plaza nahikoekin. “Urteko edozein unetan kalean bizitzeak eta lo egiteak segurtasunik eta intimitaterik ez izatea dakar, baita atseden hartzeko, garbitzeko eta emozionalki bizi-esperientzia gogorretatik eta egiturazko indarkerietatik berreskuratzeko espazio propio bat ez izatea ere. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik ostatuetan eta pentsioetan ostatu hartzen duten familia askok ere pairatzen dituzte gabezia horiek hilabeteetan zehar, aldizkako lokalizazio-aldaketekin edo adingabeen eta helduen garapen psikosozialerako bateraezinak diren bizitza-egoerekin”, azaldu dute elkarte hauek. “Jazarpen eta kanporatze praktikak salatu nahi ditugu. Administrazioek pertsonak desagertzeko itxaroten jarraitzen dute, beren jatorrizko lekuetara itzultzeko edo beren egoera modu ikusezinean konpontzeko, hau egiturazko arazo batek eragiten duenean. Horregatik, ezinbestekoa da logika horri buelta ematea, arreta eskubideen bermean jarriz, eta ez babes-sisteman sartzeko oztopoak sortzen dituzten labirinto burokratikoen garapenean, ohikotasunean eta errotzean oinarritzen direnak”. Ildo horretan, hainbat eskari egin dituzte, besteak beste ostatua eta mantenua bermatzea etxebizitzen parke publikoa handitzen den bitartean, erroldatzeko aukera eta osasun arreta bermatzea, lanbide trebakuntza eta hizkuntza ofizialen ikaskuntza erraztea, poliziaren jazarpenarekin bukatzea…