Ia erabateko babesa izaten ari da Iruneko autobusen gidarien greba
AUIF Irun eta Hondarribiko hiri autobusen enpresako langileek lehen greba eguna egin zuten atzo. ELA eta UGT sindikatuek egin dute deialdia, egiteke duten hitzarmen berrian lan baldintzak eta zerbitzua bera hobetze aldera: urtero langileen erosteko ahalmena bermatzea nahi dute, KPIaren igoerarekin parekatuz soldata; urteroko lanaldia 1.592 ordura murriztea eskatu dute, eta lanaldian zehar bizi dituzten segurtasun arazoei irtenbidea bilatzea. Hitzarmen berrian, aldi berean, asteko 35 orduko lanaldia jasota izatea nahi dute. Hitzarmenaren negoziazioak desblokeatu ezean, beste hiru greba egun dituzte deituta maiatzaren 20, 27 eta 31rako.
“Gutxieneko zerbitzuak kenduta, greba egin zezaketen langileen ia %100k bat egin dute deialdiarekin. Guztira, 33 pertsona daude grebara deituta”, esan dute ELAko kideek. Hala, goizean auto karabana egin dute eskualdetik, eta eguerdian langileek elkarretaratzea egin zuten Irungo udaletxearen aurrean. “Enpresak dio ezin dituela langileen aldarrikapenak adostu Irungo Udalaren oniritzirik gabe, eta, aldi berean, udalak dio enpresarekin konpondu behar dela auzia”, zehaztu dute langileak.