lahaine.org
Euskal Herria :: 24/05/2023

Informatzea, delitu

Eider Goenaga Lizaso

Boterearentzat ezerosoak dira hainbat hedabide, eta horien kontra ekiteko moduak askotarikoak dira. Ekonomikoki itotzen saiatzea, haren sinesgarritasuna edo ildo ideologikoa auzitan jartzea, eta baita —herri honek ezagutu ditu hainbat adibide— hedabideak itxi eta kazetariei jazartzea ere. Espainiako Auzitegi Nazionaletik kazetari asko pasatu dira azken hamarkadetan, euren lan jardunagatik deklaratzera. Atxilotuak, epaituak eta zigortuak ere izan dira, tartean.

Gertakari horien jakitun joan zen atzo Madrilera La Haine -ko Edurne Correa kazetaria, sare sozialetan bide bat zabaltzeagatik «terrorismoa goratzea» egotzi dion Ismael Moreno epaileak deituta. Honela zioen Correaren Twitterreko testuak: «Dozenaka lagun elkartu dira Iruñeko Alde Zaharrean, Iñaki Etxeberria Mortadelo presoari ongietorria egiteko, 25 urteko espetxealdiaren ostean aske gelditu ostean». Atxikita zeraman minutu bateko bideoa. Informazioa, informazioa huts-hutsean.

Presoen aldeko mugimendua kriminalizatzeko maiz zabaldu dituzte halako bideoak Espainiako hedabideek, baina horietan ez du deliturik ikusi Moreno epaileak. Kasu honetan, beraz, edukia zabaldu duen hedabideak sortuko zion ezinegona epaileari, delitua ikusi baitu, besteetan ikusi ez duen tokian. Justizia itsua dela diote, baina nahi duena ikusteko irekitzen du begi bat.

https://www.berria.eus/paperekoa/1904/022/003/2023-05-24/informatzea-delitu.htm?s=03

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal