lahaine.org
Euskal Herria :: 30/12/2023

Israelek atxilo dituen 8.000 palestinarren aurkako muturreko gehiegikeriak salatu dituzte

Mattin Azpiroz Pagola
Israelgo kartzeletan eta atxilotze zentroetan palestinarrek bortxaketak, torturak eta baita hilketak ere pairatzen ari direla salatu dute.

Israelek atxilotuta edo preso dituen 8.000 palestinar baino gehiagoren egoera salatu du Euro-Medek, CTXT hedabideak jaso duenez. GKEak zabaldutako txostenean palestinarrek jasandako giza eskubideen urraketak nabarmentzen dira, besteak beste, atxiloketa masiboak, bortxaketak, tortura, derrigorrezko deportazioak, desagertzeak, tratu txarrak eta hilketa kasuak.

Urriaren 7tik 1.200-1.400 palestinar atxilotu dituzte Gazako Zerrendan, erakundearen esanetan. Atxiloketa horiek Israelen atxiloketa administratiboaren politikaren pean egin ditu gobernuak, eta horrek ahalbidetu egiten du kargurik eta epaiketa formalik ez izatea. Euro-Medek Guantanamoko espetxearekin alderatu du egoera. Halaber, nabarmendu du atxilotuek abusu fisiko eta psikologikoak jasaten dituztela. Horrez gain, oinarrizko beharrak ukatzen zaizkie, hala nola janaria, ura eta higienea.

Zentzu horretan, azken egunetan asko zabaldu da Israelek Gazako estadio bat atxiloketa masiboko eremu bilakatu duela. Jarraian dagoen bideoan ikus daitezke estadioan ehunka zibil, emakumeak, adinekoak eta haurrak barne:

Gauzak horrela, nazioarteko ordezkaritza bat sortzeko beharra azpimarratu du Euro-Medek, Israelgo instalazioetara sartzeko eta batez ere Gazako Franjatik datozen atxilotuen baldintzak pertsonalki egiaztatzeko.

Eskaera NBEari eta Gurutze Gorriari

Euro-Medek neurriak hartzeko eskatu die gutun bidez Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Komisioari, Derrigorrezko Desagertzearen aurkako Nazio Batuen Batzordeari eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari.

Erakundeak azpimarratu du nazioarteko erakundeek instalazio horietara berehalako bisitak egin behar dituztela, nazioarteko zuzenbidea betetzen dela egiaztatzeko eta Israelek giza eskubideen urraketengatik azalpenak ematen dituela ziurtatzeko. Euro-Medek salatu du tortura eta beste tratu txar mota batzuk legez kanpokoak direla, eta hori onartzeak arriskuan ipintzen dituela zuzenbide estatuarekiko errespetua eta nazioarteko sistema juridikoaren sinesgarritasuna.

Israelek atxilo dituen 8.000 palestinarren aurkako muturreko gehiegikeriak salatu dituzte (argia.eus)

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal