Lau neskak salatu dute futbol entrenatzaileak sexu abusuak egin dizkiela, Barakaldon
Lau neskak salatu dute Barakaldoko (Bizkaia) Pauldarrak taldeko beren futbol entrenatzaileak sexu abusuak egin dizkiela. Ertzaintzak jakinarazi duenez lau salaketa jaso dituzte Sestaoko (Bizkaia) ertzain etxean, eta gizon bat ikertzen ari direla, sexu askatasunaren aurkako delituak leporatuta. Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, eraso egin dietenek —14 eta 16 urte bitarteko lau neska dira— aurreko astean eman zieten sexu abusuen berri klubeko arduradunei eta senideei, eta salaketak jarri zituzten.
Iturri horien arabera, taldetik aldendu dute jada erasotzailea, eta indarkeria matxista jasandako neskak gaur dira epailearen aurrean deklaratzekoak. Zehaztu dutenez, erasotzaileak hamar urte baino gehiago zeramatzan Pauldarrak taldean entrenatzaile lanetan, eta ez dute baztertu salaketa gehiago izatea.
Pauldarrak futbol taldea Barakaldoko Paules eskolarekin lotuta dago, eta ezaguna da kirol munduan. Erasoak sufritu dituztenak nesken talde bateko jokalariak dira.
Lau neskak salatu dute futbol entrenatzaileak sexu abusuak egin dizkiela, Barakaldon (berria.eus)