Laudioko Autoglas-Glavistako 244 langile kaleratze arriskuan daude
244 langileen etorkizuna dago jokoan. Horiek kaleratzeko espedientea iazko urrian aurkeztu zuen enpresako zuzendaritzak, baina Gasteizko epaile batek etetea erabaki zuen, ELA sindikatuaren eskariak aintzat hartu ostean.
Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak hamar eguneko epea eman zien inplikatutako enpresei eskatutako informazio osagarria aurkezteko, beharrezkoa baita enplegua erregulatzeko espedientea argitu ahal izateko. Apirilean egin zuten hori, sei hilabete geroago. Besteak beste, enpresaren salerosketa zer baldintzatan egin zen argitzeko dokumentuak dira. Horrez gain, kontsulta aldiak iraun artean, prozesuaren parte izateko agindu zien epaileak enpresaren jabeari, Parter Capital inbertsio funtsari eta lehengo ugazabari, AEBetako Guardiani. Langileek azken hori jotzen dute egoeraren erantzuletzat, harenak baitira enpresaren lurrak.
Langileak zenbait protesta egin zituzten iazko urtearen amaieran, esaterako manifestazioak eta lantegian itxialdiak baita ere. Protesta hauetan eskualdeko hainbat fabrika, eragile eta kolektibotako jendea bildu ziren.