lahaine.org
Euskal Herria :: 23/01/2024

Nafarroako Auzitegiak atzera bota du Sanferminak 78 Gogoan taldeak jarritako kereila

Isabel Jaurena
1978ko sanferminetan gertatutako polizia erasoari buruzkoa zen, egun hartan German Rodriguez erail zuten poliziek tiroz eta oraindik ez da auzi honengatik inor zigortu.

Iritsi da. Bortz urteren ondoren, Nafarroako Probintzia Auzitegiak atzera bota du Sanferminak 78 Gogoan taldeak jarritako kereila. 1978ko sanferminetan gertatutako polizia erasoari buruzkoa zen, eta, elkarte horrez gain, German Rodriguezen ahaideek, egun hartan larri zauritu ziren zenbait lagunek eta Iruñeko Peñen Federazioak sinatu zuten. Kereila hori Iruñeko Udalak nahiz Nafarroako Parlamentuak babestu zuten. Elkarteak salatu du erantzuna iristeko bortz urte itxaron behar izan ostean jasotako erantzunak agerian uzten duela instantzia judizialek «pasibotasunaz eta utzikeriaz» jokatu dutela kereilarekiko: «Geldoa den justizia, ez da justizia».

Gaur egin dute erabakiaren balorazioa, agerraldi batean. Bertan, taldeak gogoratu du 1978ko erasoez geroztik jarri dituzten kereila guztiak atzera bota eta artxibatu dituztela, argudiatuta «froga aski ez zela krimen hartan Poliziak izandako erantzukizunaz». Hala nola «zezen plazan milaka pertsonak ikusitakoa ez zen aski izan. Ezta Germanen bizitza suntsitu zuten Poliziaren tiroak ikusi zituzten dozenaka lekukoren adierazpenak ere», borobildu dute.

Oraingo honetan ere justiziak arrazoi «zuzengabekoak» erabili dituela diote, betiere urte hartan gertatutakoa ez baloratzeko eta erantzuna saihesteko. Hala, erabaki dute autoa errekurrituko dutela Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta bertze kereila bat aurkeztuko dutela, galdera «sinple» batzuk erantzuteko eta «aferaren muina epaitzeko»: «Erantzule izan ziren Polizia, haren agintariak eta Martin Villa, Iruñeko populazioak, karriketan eta zezen plazan, pairatutako polizia erasoan? Erantzule zuzenak izan ziren German Rodriguezen erailketan?».

Erantzunak lortu bitartean lanean jarraituko dutela adierazi dute: «Ekimen judizialak, instituzionalak eta sozialak bultzatzen jarraituko dugu 1978ko sanferminetako gertaerendako eta haien biktimendako egia, justizia eta ordaina erdietsiak izan daitezela lortu arte. Lortu bitartean ez dugu etsiko».

Memorian iltzatuta

1978ko uztailaren 8a iruindar anitzen memorian iltzatutako eguna da: Espainiako Polizia Armatua tiroka sartu zen zezen plazan, eta ondorengo orduetan kaosa nagusi zen hirian. Egun hartan German Rodriguez hil zuten poliziek tiroz, eta ehunka zauritu izan ziren; horietatik 11, balaz. German Rodriguezen heriotzak sumin handia piztu zuen Euskal Herrian, eta hurrengo egunetan protesta andana izan zen. Gerora zenbatu zenez, egun hartan gomazko 5.000 pilota, 2.000 ke pote eta negar-gas pote, eta 130 bala jaurti zituzten kaleetan eta zezen plazan.

Oraindik ez da auzi honengatik inor zigortu.

Sanferminak 78 Gogoan taldeak salatu du justiziak auziarekiko duen «pasibotasuna eta utzikeria» (berria.eus)

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal