Osakidetzak 581.600 euro ordaindaitzen dio urteoro Eliza katolikoari
Osakidetzak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuen iragan ekainean Donostiako, Gasteizko eta Bilboko elizbarrutiekin, «arreta espiritual eta erlijiosoko zerbitzua emateko». Horren arabera, 581.616,85 euro jasoko ditu aurten Eliza katolikoak. Datozen hiru urteetako pagamendua ere bermatua dute gotzainek, baina hitzarmenean ez da kopuru zehatzik aipatzen: soilik alde guztiek «adostasunez» erabakiko dutela urteroko aurrekontuetatik zenbat erabiliko den zerbitzu erlijioso horietarako, «unean uneko baldintzen arabera». Hitzarmena lau urterako da, baina beste horrenbeste urtez luzatzeko aukera jasotzen da agirian.
Itunean, zenbait puntutan zehaztua dago zer den Elizak eman beharreko «zerbitzu espiritual eta erlijioso» hori. Batetik, arreta erlijiosoa ematea eta sakramentuak banatzea: bataioak, jaunartzeak, ezkontza elizkizunak, mezak edo hiltzear diren gaixoen azken otoitzak eta oliadura. Bigarrenik, «laguntza erlijioso, espiritual eta humanoa eskaintzea», bereziki, larri dauden pazienteei edo hil berri direnen senideei. Hirugarrenik, «erietxeetako zerbitzu eta profesionalekin koordinatzea». Eta, horrekin batera, «beste entitate batzuekin koordinatzea», babesa, baliabideak edo beste era bateko laguntza eman dezaten.
Hau ez da Osakidetzak eta Eliza katolikoak sinatutako lehen hitzarmena. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 1987. urtean sinatu zuten lehen lankidetza ituna Gasteizko, Bilboko eta Donostiako gotzainekin. Ordutik, hirutan berritu dute: 1994an, 2018an eta aurten.
2018koa da azken-aurreko moldaketa, eta, orduko hartan, orain adostutako diru kopuru bera ezarri zen itunean: 581.616,85 euro urtean. Beraz, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako gotzainek ia 3,5 milioi euro jaso dituzte ordutik, ospitaleetako arta erlijiosoaren truke. Egungo akordioa, gainera, 2026ra arte izanen da indarrean, eta ordurako, Osakidetzak 5,23 milioi pagatu izanen dizkio Eliza katolikoari.
Artikulo osoa: