lahaine.org
Euskal Herria :: 17/05/2024

Txagorritxuko ospitalean langileak falta direla salatu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute
Larrialdietako Zerbitzura iristen diren kasu larrienak behar bezala artatzeko berariazko talde bat osatzea eskatu dute erizainek eta egoera honen aurrean ekainaren 8an mobilizatzera deitu dute.

Osasun sailak Arabako ospitaleetako larrialdiak berregituratu dituenetik, Txagorritxuko zerbitzuak ez du kinka larritik ateratzea lortu. Hala kontatu diote zerbitzuko erizainek Alea hedabideari. Artatu behar diren pazienteen kopurua "modu esponentzialean" handitu dela azpimarratu dute, batez ere larrialdietara berehalako arretaren premiarekin iristen diren paziente larrien eta pluripatologikoen zenbatekoa. "Azarora arte Santiagoko ospitalera joaten ziren paziente larriak, orain Txagorritxura ekartzen dituzte; baliabide asko eskatzen dituzte, eta baliabide horiek falta dira" azpimarratu dute.

Egoera hori islatzen duten zifra batzuk ere eman dituzte: "2023ko urtarriletik urrira arte 97 paziente larri artatu ditugu batez beste Txagorritxun; azaroan, larrialdiak berregituratu direnetik, otsailera arte, batez beste 275 paziente artatu ditugu. Berehalako arreta behar duten paziente kritikoen kopurua %185 igo da".

Egonkortze taldearen beharra

Gaixo larriek behar duten erantzun azkarrari eta arreta bereziari behar bezala erantzuteko, egonkortze talde bat sortzea proposatu dute Txagorritxuko langileek. "Orain paziente oso larriak etortzen direnean bi erizainek eta erizain laguntzaile batek bere pazienteak alde batera utzi behar dituzte gaixo hori artatzeko. Segurtasun aldetik hutsune handia da, erizainak bere ardurapean dituen gaixoak ordu luzez utzi behar dituelako. Premiazko eskaera da egonkortze talde bat sortzea, bi erizain eta erizain laguntzaile batekin, hiru txandatan: goizez, arratsaldez eta gauez".

"Arriskuan jartzen ari da herritarren osasuna"

Langileek adierazi dutenez, patologia larri asko jasotzen ditu egun Txagorritxuko Larrialdietako Zerbitzuak, eta gaixo horien arretan denbora oso faktore inportantea da. "Itxaronaldiak ekidin behar dira. Denboraren estandarrak ditu Osakidetzak, eta batzuetan, saiatu arren ezin dira bete. Horregatik eskatzen dugu egonkortze talde bat, paziente horiek baliabide asko behar dituztelako".

Kontratuak ez dituzte luzatuko

Oro har, Txagorritxuko Larrialdietako egoera "txarra" dela nabarmendu dute erizainek, baina aitortu dute neguan bizi izan zuten "kaos" egoera "pixka bat" arindu dela. Izan ere, Santiagoko bederatzi erizain bidali zituzten otsailean, eta erizain taldea handitu egin da: goizeko txandan erizain bat gehiago dago, arratsaldean bi erizain, eta gauean beste bat. "Itxaronaldiak hobetu ez diren arren, arretaren kalitatean bai, hobetu da", azaldu dute.

Halere, dena ez da arrosa kolorekoa; izan ere, sartu berri diren erizainak lan jardun osoan beharrean %75ean ari dira lanean. Gainera, ekainerarte bakarrik dute kontratua, eta ez dituzte berrituko. "Kategoria guztietan behar dira langile gehiago. Medikuen kasuan aitzakia da ez daudela medikuak kontratatzeko. Bada, erizainak badaude, eta kontratatu zezaketen gehiago baina ez dute beharrezkoa ikusten".
Larrialdietako kolapsoak jatorri ugari dauzka, erizainen aburuz. Lehen mailako arretaren defizita aipatu dute, EAG-en itxiera eta medikuen falta, besteak beste. "Lehen arreta ez da gai oinarrizko beharrak asetzeko, eta bertan artatu ezin diren pazienteek larrialdietara jotzeko beste erremediorik ez dute. Gaueko EAGak ixteak ere ekarri du paziente gehiago Txagorritxura jotzea; eta larrialdietako zerbitzuan medikuen falta nabaria da, bajak eta lekualdaketak ez dira ordezkatzen, eta behar direnak baino 25 mediku gutxiago daude".

Erasoak, egunero

Lan egoera "oso kaskarra" dela eta baldintza "prekarioetan" lanean ari direla salatu dute larrialdietako erizainek, eta Txagorritxun profesionalak falta direla kategoria guztietan. "Zerbitzuaren arazo batzuk hobetzeko ezinbestekoa da langileen zenbatekoa handitzea kategoria guztietan, eta pazienteak artatzeko toki gehiago izatea. Larrialdi berria ireki zenetik, 17 box gehiago daude, baina ezin dituzte erabili ez dagoelako langilerik".

Itxaronaldi luzeek pazienteen "desesperazioa" eragiten dutela azaldu dute ospitaleko langileek, eta erasoak egunero jasaten ari direla, baita fisikoak ere. "Egoera konplexua da, baina herritarrek merezi duten arreta emateko ahal dugun guztia egiten dugu. Bertan daudenean, denbora luzez itxaroten, moskeatzen dira. Badakite ez dugula errurik, baina azkenean gurekin pagatzen dute".

"Batzuetan denbora estandarrak ezin dira bete"

Egoera bideratzeko hainbat bilera izan ditu Txagorritxuko enpresa batzordeak ospitaleko zuzendaritzarekin, baina, langileen esanetan, zuzendaritzak ez du beharrezkotzat jotzen langile gehiago hartzea. "Berregituraketa egin behar dela esaten dute, eta langileen zirkuituak aldatzearekin nahikoa dela; gaizki antolatzen garela esan digute. Arriskuan jartzen ari da herritarren osasuna. Ratioak oso altuak dira, eta lan zama arrisku handia da, gainera itxaronaldi luzeek jatorrizko patologia larriagotu dezakete".

Ekainaren 8an, manifestazioa

Bitartean, azken hamar asteetan egunero egin duten moduan, astelehenetik ostiralera, goizeko lehen orduan, Txagorritxu Ospitaleko atean elkarretaratzea egiten jarraituko dute langileek, baita astelehenetan eguerdi partean ere. Gainera, hiri erdian manifestazioa egingo dutela iragarri dute, ekainaren 8an, 12:00etan, Bilbo plazatik Andre Maria Zuriaren plazara.

Txagorritxuko maila guztietan, langileen faltan - Araba - Alea.eus

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal