lahaine.org
Europa :: 15/05/2024

Kanaky uharteetako independentistak kaleak hartu dituzte, Frantziak hauteskunde legea aldatu ondoren

Urko Apaolaza Avila
Indar errepresiboak gogor egin dute hauen kontra; bi pertsona erail dituzte, beste hainbat zauritu eta dozenaka atxilotu baita ere.

Bigarren gauez segidan, istiluak izan dira Kanaky Uharteetan. Frantziako Estatuko ordezkari Louis le Franc-ek azaldu duenez, gutxienez bi hildako badaude jadanik –Kaledonia Berriko ordezkariak azaldu duenez, baliteke hildakoak hiru ere izatea– eta beste "ehunka" lagun zauritu dira.

Noumea Kanakyko irla nagusiko hiriburuan izan dira istilu handienak, hainbat saltoki erre eta talde independentistek errepideak moztu dituzte, jendarmeek aldiz armekin erantzun dute. Le Franc-en esanetan egoera "matxinada" baten antza du jadanik.

Bien bitartean, Macron Frantziako presidenteak Defentsa eta Segurtasun kontseilua deitu du istilu horien ondorioz, eta Fécamp hirian asteazkenean zuen ekitaldi bat bertan behera utzi du.

Hautes-errolda erabili, kanakak "gutxitzeko"

Istiluak astelehenean hasi ziren, Frantziako Asalbea Nazionalean lurralde hartako hautes-erroldan aldaketak ekarriko lituzkeen legea eztabaidatzen hasi zirenean. Lege hori asteazken goizaldean onartu dute azkenean eta horrek areagotu egin du herritarren zati baten haserrea.

Hautes-errolda azken hamarkadetan bere horretan dago, nahiz eta gaur egun jende gehiago bizi irletan –270.000 pertsonatik gora guztira–. Errolda horren eguneratzea, baina, euren pisua "gutxitzeko" Parisen neurri gisa sentitzen dute kanakek, baita 1998ko Noumeako Akordioa deusestatuko lukeela ere.

Metropoliarekin harreman gorabeheratsua

Ozeano Barearen erdian dago Kanaky, XIX. mendeko kolonizatzaileek Kaledonia Berria ere deitua. Frantziaren menpe bizi dira gaur egun kanakak artxipelago hartan, baina estatus berezi batekin, eta kolonia eta metropoliaren arterko harreman gorabeheratsuarekin.

Frantziak kanaken autodeterminazio eskubidea behin eta berriz trabatu duela salatu izan dute talde independentistek. Azkeneko erreferenduma 2021ean egin zen Frantziako Gobernuaren beraren bultzadaz, baina independentistek boikota egin zioten, pandemiaren ondorioz atzeratzea nahiago zutelako, baldintza kaskarren ondorioz.

Hautes-erroldaren inguruko eztabaida zehatzaz harago, independentismoaren gorakadak, jatorrizko herrien eta kolonizatzaileen arteko desberdintasun sozialek eta nikelaren erauzketak sorturiko menpekotasun eta krisi ekonomikoak korapilatzen dute Kanakyko giro nahasia.

Albiste osoa: Kanaky uharteetan istilu handiak, Frantziak hauteskunde errolda aldatu ondoren (argia.eus)

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal